guda

Argia (Euskalherria)

08/05/2016

Josu Chueca

Karlisten arteko liskar moduan saldu nahi izan zutena, egiaz estatu aparatuetatik antolatutako gerra zikina izan zen. 1976ko maiatzaren 9an Jurramendiko erasoan parte hartu zuten mertzenarioen lorratzari segitu diogu, Frankismoan bezala, Demokraziaren estoldetan ere aritu baitziren.

2506_25_01_weberako

Jose Luis Marín García Verde komandante ohia “Gabardinadun gizona” izenez egin zen ezagun argazki hauengatik. Berak jo zion tiroa sabelean Aniano Jiménez Santos santandertarrari. Hilabete gutxi egin zituen koartel militar bateko ziegan eta epaitu gabe askatu zuten 1977ko Amnistiarekin. (Argazkia: Josu Chueca)

“Oraingoan denok dakigu nortzuk tiro egin, zauritu eta erail duten Jurramendin. Nafarroak ikusi berri du nola ezarri den terrorearen legea, suzko armekin, defentsarik eta babesik gabeko herritarren kontra”. Horrela ekin zion Punto y Hora de Euskal Herria aldizkariak Jurramendiko gertakariei buruzko editorialari; “Inpunitatea” hitza letra larriz zekarren zenbaki hartako azalak. Berrogei urte betetzear ditugula, zigorgabetasunak jarraitu ez ezik luzaro iraun du, eta gerra zikina estatu terrorismoaren kate-maila latza izan da Euskal Herrian zein Espainian.

Erregimenaren komunikabideek –RTVEk batez ere– eta bozeramaileek –Manuel Fraga gobernazio ministrotik hasi eta José Ruiz de Gordoa Nafarroako gobernadore zibileraino– karlisten arteko borroka moduan aurkeztu zutena, askoz gehiago izan zen, eta horrela salatu zuten Jurramendikoa jorratu zuten txosten eta aldizkarietan: ez zen karlismo atzerakoi eta aurrerakoiaren arteko liskarra izan, Estatuko zerbitzu berezien operazio zikina baizik. Sozialismo autogestionarioaren eta demokraten bidea hartu zuen karlismoaren adar nagusia makurrarazi nahi zen modu horretan.

Horrela bakarrik ulertu daitezke Iratxeko monasterioaren aurrean eta Jurramendiko tontorrean izandako hilketak, baita aurreko egunetan hedabide eskuindarrek, Gobernu Zibilaren eta Barne Ministerioaren  estoldetako laguntzarekin sustaturiko “Birkonkista” ekimena ere. Gertaerak ezin izan zituzten ezkutatu ordea, ehunka lekuko zeudelako eta oihartzun grafikoa oso agerikoa izan zelako erreportaje honetarako berreskuratu ditugun argazkien bidez.

Gertaerak: lehen eskuko kronika bat

1976ko maiatzeko igande hartan, Iratxen ohiko bidegurutze karlista abiatzear zegoenean, ultraeskuindar, legionario eta faxista argentinar, italiar zein frantziarrez osaturiko tropela hurbildu zen monasterioaren zelaigunera. Pistolak eta borrak eskutan, kosta ahala kosta Jurramendiko bidegurutzea birkonkistatzera omen zihoazen. Hasieratik argi gelditu zen karlisten autodefentsa hutsalaren aurrean ez zutela inongo erreparorik hiltzeko eta erantzunik apalena ere tiroz eta odolez amatatuko zutela.

Jose Luis Marín García Verde komandante ohia, txapela gorri izardunaz eta gabardinaz jantzitako pistoladunak, lehen liskarretan esku hutsik zihoan Santanderreko HOAC-eko Aniano Jiménez Santosi tiro hilgarria eman zion sabelean. Gabardinadun gizona izenez ospea hartu zuen hiltzaileak minutu dezente jarraitu zuen, harro bezain probokatzaile, pistola eskuan egoera hura sinetsi ezinik zeuden karlistei mehatxu eginez, baita oso gertutik erasoa pasibotasunez ikusi zuten guardia zibilen aurrean ere.

Militarrak lasai erakuts zezakeen pistola, inguruan egundoko kohorte faxista baitzuen. Alboan haren lehengusu Hermenegildo García Lorente, Carlos Ferrando Sales eta Fal Macías, Manuel Fal Conde karlisten buru izandakoaren semea zituen. Pixka bat atzerago mundu osoko faxisten sorta: Emilio Berra El Chacal argentinarra, Stefano Delle Chiaie eta Augustu Cauchi italiarrak, eta Jean Pierre Cherid aljeriarra. Gehienak borraz eta pistolaz armaturik zeuden, azkenekook García Marinek eta Berrak soilik atera bazituzten ere.

Nahasmena handia zen arren, ultraeskuindarren erasoa amaiturik zegoelakoan, karlistak Jurramendirantz abiatu ziren. Carlos Hugo Borboi-Parma erregegaiaren partaideek betiko bidetik manifestazio ikusgarria egin zuten bitartean, dirudienez faxistak Iratxeko urbanizazioaren atzeko aldetik igo ziren gailurrera jeepez.

Jurramendiko maldan, berriz, ehunka polizia nazional zegoen ilaran jarrita erne, bai baitzekiten zer zen geroago jazoko zena. Hura ez zen haien berezko interbentzio esparrua, eta horrek Gobernu Zibilaren parte-hartze zuzena salatzen zuen. Baina polizi horiek ere alferrikakoak izan ziren karlisten aurkako bigarren erasoaldia saihesteko.

Lehen manifestariak Jurramendiko gailurrera iritsi orduko, berriz eraso zituzten pistolen eta metrailadoreen tira jasekin. Hiruzpalau zauritu izan ziren laino artean, tontorretik 200 metro eskasera. Jose Javier Nolascok oinean jaso zuen tiroa eta Ricardo García Pellejero, 20 urtetako Lizarrako gazteak bularrean. Azken hau tapaki baten gainean, txandaka eta korrika jaitsi zuten mendian behera, baina Gurutze Gorriak bidalitako anbulantziara iritsi zenerako hilik zegoen.

Ordurako Carlos Hugoren alderdikoek erabaki zuten ibilaldia bertan behera uztea eta buruzagiak ere alde egin zuen. Hurrengo egunetan eman beharreko erantzun politikoa prestatzen hasi ziren beste indarrekin batera.

Hilketak izan ostean, José Arturo Marquez de Prado eta Sixto Borboi-Parma erasotzaileen buruak Iratxera jaitsi ziren tontorretik. Bidean ez zuten poliziaren errepide-kontrolik edo oztoporik eduki. Aurreko asteartetik luxuzko aterpe izan zuten Iratxe hoteletik haien atorrak jaso eta Madril, Andaluzia eta Extremaduran sakabanatu ziren. Denetan ezagunenak, Sixto Borboi-Parma erregegai erreakzionarioak, arazorik gabe egin zuen ospa Espainiatik.

Hurrengo egunetan, lehen erasoaren argazkiak zabaltzen hasi zirenean eta herioan zegoen Aniano Jimenez ere hil zenean, hainbat atxiloketa egin behar izan zituen Arias Navarroren gobernuak. Hedabide askotan azaldutako Gabardinadun gizona Huelvan zegoen atxilotu zutenean, eta  Lizarrako epailearen aurrera eraman zuten. Gauza bera egin zuten José Arturo Márquez de Pradorekin, Extremadurako lurjabe handia. Haiek izan ziren atxilotu eta giltzapetu zituzten bakarrak; zenbait hilabete geroago, 1977ko Amnistiaren legearekin, libre geratu ziren epaituak izan gabe.

Cherid eta Delle Chiaie: zerbitzu sekretuen bi lagun

Erasoan parte hartu zuten mertzenario eta faxistek –sarritan izen-abizenez oso ezagunak– ez zuten zigorrik jaso. Haien artean zeuden karlismoarekin zerikusi gutxi zuten erakunde faxistetako aktibistak: Argentinako Alianza Apostólica Anticomunistako Emilio Berra; Italiako Avangoardia Nazionaleko Giuseppe Calzona, Augusto Cauchi eta Stefano Delle Chiaie; eta Organisation de l’Armée Secreten (OAS) aritutako Jean Pierre Cherid frantziar-aljeriarra.

Horiek guztiek abagune desberdinetan bidaiatu zuten Espainiako Estatura, eta bertako ministerioen babesa aurkitu zuten, batez ere Gobernazioan eta Presidentziako inteligentzia zerbitzuetan, SECED delakoan. Zeren truke? 1975-1984 urteetako gerra zikinean aritzearen truke. Jurramendin ibili zirenen artean bi nabarmentzen dira: Stefano delle Chiaie eta Jean Pierre Cherid.

Lehena, Italiako Casertan jaioa, Caccola (Mordoxkotxoa) izengoitiarekin ezagun egin zen eta Movimiento Sozial Italiano (MSI) elkarte ultraeskuindarrean hasi zuen bere ibilbide politiko-militarra. Gero Ordine Nuovo erakunde faxistatik igaro zen, eta azkenik Avangoardia Nazionale erakundea sortu zuen. Bi helburu izan zituen Italian jardun zuen bitartean: ezker muturreko taldeetan –bereziki anarkistetan– infiltratzea atentatuak egin eta probokazioak sorrarazteko, eta zuzenean talde eta militante ezkertiarrak erasotzea.

Italian izandako hilketa batzuen eta Valerio Borghesek 1971n egindako estatu kolpearen porrotaren ondorioz, Espainian aterpetu zen eta aitzindari izan zen beste faxista italiar asko birkokatzeko. Bizilekua eta lan zikina eman zieten Carrero Blancoren aginduz sortutako SECEDen, adibidez. 1975etik aurrera Ipar Euskal Herrian BVE eta ATE siglekin izandako gerra zikina haien eskutan egon zen. Jurramendin, Stefano delle Chiaierekin batera beste caccolesi –Caccolaren partaideak– batzuk zeuden: Augusto Cauchi, Giuseppe Calzona eta Mario Ricci, argazkitan ikus daitekeenez, eta Ricardo Arques eta Melchor Miralles kazetariek bere garaian egindako ikerketan batean azaltzen den moduan.

Jarraitzaile gutxiago zituen Jurramendin Jean Pierre Cheridek, baino bide askoz luzeago egin zuen Estatuaren gerra zikinean barrena. Paddy Woodworth idazleak Espainiako Estatuak kontrataturikoen artean aitzindaritzat du hiltzaile aljeriarra: “Eskuin-muturreko mertzenarioen paradigma” gisa deskribatu du. Aljeriako gerran paraxutisten sarjentu izan ostean, Organisation Armée Secrete (OAS) talde armatu ultraeskuindarrean ibili zen. Hogeita hamar urteko kartzela zigorra saihestearren joan zen Espainiara 1964an eta Madrilen zela Delle Chiaierekin egin zuen bat: halaxe hasi zen SECEDek legez kanpo egin behar zituen ekintzetan parte hartzen.

Jurramendin erasotzaileen lehen lerroan jarri zen Cherid, Augusto Cauchi, Emilio Berra, Fal Macías eta Gabardinadun gizonarekin batera. Dena den, askoz gehiago nabarmendu zen 1978az geroztik berpiztutako gerra zikinean. Berari leporatu diote urte horretako abenduaren 21ean José Miguel Beñaran Argala-ren kontra atentatu izana. 1983tik aurrera GALen ekintzak hasi zirenean ere buru-belarri aritu zen. Carrero Blanco eta Suarezen UCDren garaietatik zetozen mertzenarioak sigla berri horien pean hasi ziren egiten polizia espainolak mugaz bestaldean egin ez zitzakeen lan zikinak. Alderdi sozialista agintean zegoela mugaz bi aldeetan terrorea zabaldu zutenean, Jean Pierre Cherid zen gaizkile haien artean eskarmenturik handiena zuena. Baina horretan amaitu zuen bere ibilbidea: 1984ko martxoaren 19an Miarritzen errefuxiatu baten aurkako lehergailua prestatzen ari zela eztanda egin zion eskuetan eta bizia galdu zuen. Haren gorpua erabat txikituta geratu zenez, kostata lortu zuten jendarmeek jakitea Cherid paraxutista eta OASkide ohia zela.

Behin haren nortasuna argituta, GALeko arrasto eta partaide ugariren datuak atzeman zituzten. Bistan gelditu zen talde horretako buru esanguratsua zela Jurramendin ibilitakoa, eta jarraitzen zuela Espainiako agintarien menpe gerra zikinean erabat sartuta. Haren alargunak, bere aldetik,  “bizitza osoko pentsioa” eskatu zion Espainiako Gobernuari, urtetan poliziarentzat lan egin zuela azalduz. Horrela, nabarmen utzi zuen Espainiako Estatuko aparatuak zorretan zeudela kriminal eta krimen horiekin guztiekin.

Jurramendin 1976ko maiatzaren 9an gertatutakoa bitxia bezain esanguratsua izan zen. Bitxia erregimen frankistaren jatorrian funtsezkoa bihurtu zen karlismoa bezalako indar politiko baten aurka eraso zutelako. Arias Navarroren gobernuak mundu osoko faxista eta indar para-polizialak erabili zituen egun hartan karlismoaren bilakaera politiko aurrerakoia zanpatzeko, eta bide batez, ezarri berria zen monarkiaren aldeko desoreka sortzeko. Eta esanguratsua, eraso hura gertatu eta berehala salatu arren, Estatuko estoldetatik sorturiko terrorismoaren zigorgabetasunak soka luze eta iraunkorra izan duelako gaurdaino.

2506_28_01_weberako(2)

Josu Chuecak duela 40 urteko maiatzaren 9 hartan nekez jakingo zuen eskuetan zuen reflex kamerarekin altxor grafiko bat sortuko zuenik, Jurramendiko ekitaldia puntako egunkarietako foto-erreportariak ari baitziren jarraitzen, El País sortu berrikoak esaterako.Cuadernos para el diálogo aldizkariko irudi honetan ikus daitekeen bezala, Chueca erasotzaileengandik metro gutxitara aritu zen kamerari klik egin eta egin, haietako batek pistolarekin seinalatzeraino.

Erasoa gertatu eta egun batzuetara jabetu zen berak ateratako argazkien balioez. Punto y Hora de Euskal Herria-n argitaratu zituzten lehenik, eta beste mila agerkaritan ondoren.

Anuncios